Harremanetarako - Mapa - Irisgarritasuna - Español

Gu ezagutzeko.Autonomi Estatutua

Edukira joan

AGINDU IRAGANKORRAK

Lehendabizikoa

Estatutoa erabat onartu eta 60 egun baino lehenago, Eusko Kontseilu Nagusiak Euskal Biltzarrea aukeratzeko hauteskundeak egin eraziko ditu, deia zabaldu eta ondoko lau hilabeteetan ospatuko direlarik.

Halarik, Komunitate Autonomoa osatzen duen Herrialde Historiko bakoitzak bere hauteskunde barrutia eratuko du. Alderdi politiko, horien koalizio eta talde elektoralek beren hautagaiak aurkez ditzakete hauteskunde barruti bakoitzean, beti ere zerrenda itxi eta blokeatuetan. Eskainuen banaketa, sistema proportzionalez egingo da. Barruti bakoitzean hogei Parlamentari izango dira.

Hauteskundeak ospatu ondoan, hamabost egun baino lehenago, Eusko Kontseilu Nagusiak arestian hautatua izan den Biltzarrea bil eraziko du Euskal Gobernuko Lehendakaria aukera dezan.

Lehendakariak, hautatua izateko, lehenbiziko bozketan, Ganbararen gehiengo abtsolutoa behar du, eta lortzen ez baldin badu, gehiengo sinplea ondokoan edo hurrengoetan.

Biltzarrea eraiki eta ondoko hirurogei egunetan Gobernuko Lehendakaria oraindik aukeratu gabe baldin bada, Ganbara desegin eta hauteskunde berriak egingo dira.

Besterik ezinean eta ordezko gisa 1977ko ekainaren 15ean hauteskunde orokorrak erregulatzeko eman ziren arauak aplikagarri daitezke, halaber oraino indarrean dagoen Diputatuen Kongresoko Arautegia.


Bigarrena

Estatuto honen arauera Komunitate Autonomoari dagozkion konpetentziak eta horien ariketarako beharko diren medio pertsonalak eta materialak beronen esku nola utziko diren jakiteko, Euskal Gobernua eraiki eta hilabete baino lehenago, Euskal Biltzarre eta Estatuko Gobernuko ordezkari kopuru berdinez osaturik dagokeen Batzorde mixtoak arau zehatzak emango ditu, behar diren transferentziak banatuz.

Estatuto hau indarrean sartuko delarik, behin betiko transferiturik dirateke ordurako Eusko Kontseilu Nagusiaren eskutan utzi ziren konpetentzia eta errekurtso guztiak.

Transferentziak egin diren zerbitzu estatal edo beste edozein erakunde publikotan adskribaturik zeuden funtzionari eta pertsonek transferentzia egin orduan zituzketen moeta, maila eta era guztietako eskubideak izango dituzte.

Hirugarrena

  1. Irakaskuntzaren alorrean egin beharreko transferentziak, bai ondareei eta bai pertsonei dagokienez, zeinekin betetzen baititu Estatuak bere zerbitzuak gaurregun Euskal Herrian, bigarren agindu iragankorrean sortzen den Transferentzi Batzorde Mixtoak ezarriko dituen egitarau eta kalendarioaren arauera egingo dira.
  2. Irakaskuntzako zerbitzuen eskualdaketa Komunitate Autonomoari egingo zaio, edo eta Diputazio Foralei, hala beharrez gero.

Laugarrena

17. artikuluan aurrikusten denaren arauera sortuko den Seguritate Juntak erabakiko ditu Polizi Autonomoko Gorputzen Estatutoa, Arautegia, hornizioak, zenbakia, egitura eta nondik nola bildu beharrekoa. Horien buruak, Estatuko Seguritate Gorputzetatik eta Indar Harmatuetako Buruzagi eta Ofizialen artetik hautatuak izango dira, zeinak beren zerbitzuak gorputz horietan prestatzen dituzten bitartean Komunitate Autonomoen Polizi Legeak aurrikusten duen egoera administratiboaren mendean egongo baitira, edo Defentsa eta Barne Arazoetako Ministeritzek erabakiko dutenaren mendean, azken kasu honetan militar forutik at geldituko liratekeelarik. Harma lizentziak, beti ere, Estatuari dagozkio.

Bosgarrena

Estatuto honen aplikapenerako sortuko den Transferentzi Batzorde Mixtoak burutuko ditu komenio egokiak, zeinen bidez Komunitate Autonomoak bere esku hartuko baitu Seguru Sozialaren erregimen ekonomikoaren gestioa, beti batasunezko joerarekin eta solidaritatezko printzipioari jarraiki, gestio ordenatu batetarako komenio horietan erabakiko diren prozedura, epe eta konpromezuei jarraituz.

Seigarrena

19.2 artikuluan aurrikusten dena burutzeko, koordinaketa bat egingo da, baldin eta Estatuak, kontzesio gisa, Euskal Komunitate Autonomoari tituluz estatala izango litzatekeen telebistako kanale berri bat erabiltzeko ahalmena emango balio. Kanale horrek Euskal Herriaren esparrua mugatu beharko luke, eta aipatu kontzesioak aurrikusten duen eran gainera.

Zazpigarrena

  1. Estatuto honek aipatzen dituen oinarrizko legeak edo lege orokorrak Gorte Jeneralek elaboratzen ez dituzten bitartean, edo eta Euskal Biltzarreak bere konpetentziako gaiei buruz legerik ematen ez duen bitartean, oraindaino indarrean dirauen Estatuaren legeek jarraituko dute aurrerantzean ere gai horiei buruz, guztiorien burutzea Komunitate Autonomoaren esku egongo delarik Estatuto honetan aurrikusten diren diren kasuetan bederen.
  2. Estatuto honen 23.1 artikuluan aurrikusten denak ez du trabarik suposatuko beren jite propioarengatik, eta lurralde esparruari dagokionez, Estatuko Administrazio Zibilaren zenbait zerbitzuk bere prestamenerako eska ditzakeen berezitasunentzako.

Zortzigarrena

Estatuto hau onartu ondoren ospatuko den lehen Kontzertu Ekonomikoa, Arabarentzako indarrean dirauen Kontzertu Ekonomikoaren eduki materialean inspiratuko da, probintziarentzat inolako kalterik suposatu gabe, eta bertan ez da kontzertatuko alkoholei buruzko Estatuaren inposaketarik

Bederatzigarrena

Behin Estatuto hau onartzen duen Lege Organikoa aldarrikatuz gero, Eusko Kontseilu Nagusiak har dezake, hala nahi izanez gero, bere izentzat "Euskal Herriko Gobernu Probisional" deitura, orain arteko funtzio eta erregimen juridiko berarekin ordea, Lege horren lehen agindu iragankorrean aurrikusten dena betearazi dadin arte.


© Eusko Legebiltzarra - Parlamento Vasco. Lege-eremua
Becerro de Bengoa 01005 Vitoria - Gasteiz
Tel.: 945 00 40 00 - Fax: 945 13 54 06
Web master
Parte hartuApunta zaitez
Legebiltzarreko Lehendakariaren gunea
Biktimak
MediaWebgunea